XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bide osoan zehar bi anaiak hitzari jarein gabe, jarraikorki, aritu dira solasean, batek itauntzen eta besteak erantzuten, sendi eta etxeko egoeraz, gerratearen gorabeherataz, mugaz bestealdeko zehaztasunetaz, etengabe...

Miarritzako bidean doazela ikusi du gizon gazteak Cambo-les-Bains dioen errotulua, orduantxe bururatzen zaiolarik beste anaiaren egoera eta galdetzen dio ia honez gero Joakinek lanen bat aurkitu duen.

Baietz, hemendik gertu bizi dela ezkonduta, usine batetan lana kausitu duelako eta joango zaizkiola hurrengo batean bisitatzen.

Lehenengo komeni dela, dio orain anaiak gizon gazteari, bere egoera finkatzea, paperak tajuz moldatzea, hitz eginen duela berak Miarritzen batekin eta bestekin, ez arduratzeko, zerbait aurkituko dutela aurrera ateratzeko.

Gizon gaztea hasten zaio orain, etxerantz doazen bitartean, kondatzen nola izan den muga igarotzearena, zenbat ordaindu dioten artzainari eta nola amak zituen bitxiak, batzuk behintzat, mugalariari eman behar izan zaizkion.

Zera esaten dio orain, ama negarrez urtzen utzi zuela azkeneko egunean, aitak goraintziak bialtzen dizkiela, egunero gogoratzen direla berearekin eta baita Joakinekin, egunero otoitz egiten dutela bere fabore...

HIRU. Gizon gazteak gazte dirau oraindik nahiz eta azken urtebetean gertakizun latzak suertatu zaizkion ikusten, pairatzeko.

Iragana da beste urtebetea Miarritzetik, anaiaren babespetik, alde egin behar izan zuenetik.

Hala ere lekuz aldatu aurretik asturuak erakutsi nahi izan zion Joakin anaiaren patu gaitza, nola zoritxarrak abriguka iharrautsi zuen heriotzera arte, usinean beharrean ari zela galdara batek eztanda eginez txikitu zuen arte gizarajoa; gertaera honek bortizki hebaindu zuen gizon gaztea lehenagotik bizipenak hutsal samarrak bailiren edo...